Finbria

Escherichia coli bakterioak 100-200 finbria ditu bere azalean, zelula epitelialei atxikitzeko balio dutenak

Finbriak bakterio batzuen azalean dauden luzakin finak eta motzak dira, egitura proteikoa dutenak. Flageloak baino motzagoak eta meheagoak dira.

Bakterio Gram negatibo zein Gram positiboetan daude.

Flageloen aldean, ez dute zer ikusirik bakterioen mugikortasunarekin. Haien zeregin nagusia itsaspenarekin lotuta dago: finbrien bidez bakterioak azal desberdinei atxikitzen dira. Bakterio patogenoen kasuan, finbriek ostalariaren zeluletako errezeptore espezifikoetan atxikitzeko balio dute; beraz, adhesinak dira [1]. Egitura bakteriar horiek, honenbestez, mikrobioen birulentzia areagotzen dute (finbriak ez dituzten bakterio mutante batzuek ezin dute infektatu).

Era berean, finbrien bitartez hainbat bakteriok ere biogeruzak era ditzakete.

Finbria eta pilus izenak nahasten dira sarritan. Bakterioek haien azaletan dituzten luzakinak dira biak ala biak, ileen antzekoak, motzak eta finak. Haien funtzioa, aldiz, oso bestelakoa da: pilusek konjugazio prozesuan bakterioek euren material genetikoaren trukea ahalbidetzen duten bitartean, finbriek azalei atxikitzeko funtzio burutzen dute batik bat.

  1. Basaran Miren eta Umaran, Adelaida Mikrobiologia medikoa E.H.U.ak argitaratuta, 92-93 orr.

Developed by StudentB